DE

Garelako milesker, Wolfgang

Wolfgang Wippermann historialaria hil da, 75 urte zituela. Alemaniako gobernuak Gernikako bonbardaketagatik barkamena eska zezan lan erabakigarria burutu zuen. Ondoren, Berlingo Euskal Etxearen sortzaileetakoa izan zen. Historian katedraduna zen, faxismoaren analisian ezinbesteko ahotsa. Lan oparoa eta hutsune erraldoia laga dizkigu.

2021k albiste ezin kaskarragoarekin agurtu du Berlingo Euskal Etxea. Urtarrilaren 3an Wolfgang Wippermann adiskidea hil zen, 75 urte zituela, minbiziak jota. Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein ezin ulertu liteke bera gabe. Elkartearen sorreran berebiziko garrantzia izan zuen.

1945ean jaio zen, Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, Wesermünden (egungo Bremerhaven). Historia, germanistika eta politika ikasketak osatu ondoren, totalitarismoen eta jazartutako jendarteen azterketari eman zion ia bizitza osoa. Berlingo Unibertsitate Librean katedra eskuratu, eta historia irakaslea izan zen bertan hamarkada luzez. Baita Austria, Txina edo Estatu Batuetan ere. Jarrera intelektual erosoei alergia zien, eta sestra akademiko zintzoari ekiteko prest zegoen beti.

Wippermanen hitzaldia

Berlingo Zehlendorf auzoan dagoen Guernicaplatz 1998ko azaroaren 27an inauguratu zen. Wolfgang Wippermann historialariak berbaldi hunkigarri batekin agurtu zuen plazari emandako izen berria.

Hitzaldia irakurri

Alemanian isil-gordean igaro ziren nazismoaren jarduerak aztertu eta salatu izan zituen Wolfgang Wippermannek. Gernikako bonbardaketa izan zen horietako bat: Berlingo giro politikoan gaia azaleratzeko esfortzu handia egin zuen, Alemaniak Gernikako herriari barkamena eska ziezaion. Constanze Lindemann izan zuen kide, besteak beste.

Inor gutxik espero zuelarik, saiakerak arrakasta izan zuen. 1997an, bonbardaketaren 60. urteurrenean, ailegatu zen azkenean Alemaniaren damu adierazpen ofiziala. "60 Jahre Gernika gegen das Vergessen" ekimenaren harira, Roman Herzog Alemaniako presidenteak bidali ohar batekin izan zen. Aurreko udatik burutu sukalde lanek emaitza eskaini zuten azkenean. Eginiko kontaktuak mantendu eta zubi berriak eraikitzeko asmoz, Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein, Berlingo Euskal Etxea sortu zutenen artean egon zen Wolfgang Wippermann. Elkartearen presidenteordea ere izan zen urte batzuren buruan (hemen, garai hartan Deustche Welleri emandako elkarrizketa). Bere esfortzuak fruitua eman izanaz pozik, Berlinera iritsi euskal herritarrei eman zien lekukoa Euskal Etxean, eta historiarekin lotutako hitzaldiekin laguntzen jarraitu zuen.

Txakurzale amorratua zen Wolfgang Wippermann, haiei buruz ere idatzi zuen. Bere ustez, alemanak batzen dituen ezaugarrietako bat da lau zangodun adiskidiei azaldu ohi dieten maitasun baldintzarik gabekoa. Wolfgang ere hurbiltzen zitzaion ororekin ezin atsegin eta eskuzabalagoa zen. Gizon garaia eta sendoa, halakoxea da Berlingo Euskal Etxean lagako duen hutsunea: erraldoia.