Munduko ia euskal etxe guztiak atzerrira joandakoek herriminak jota sortutakoak dira. Berlingoa -Tokiokoa da beste salbuespen bat- Euskal Herriarekin zubia eraiki nahi zuten alemanen ekimena izan zen ordea. Memoria sailean azaldu moduan, Gernikako bonbardaketagatik Alemaniako gobernuak barkamena eska zezan egindako saiakerak agerian laga zuen alemanen eta euskal herritarren arteko harremanean sakontzearen beharra.
1997an Constanze Lindemannek Gernikari buruz Berlinen antolatu sinposioa urrats erabakigarria suertatu zen Euskal Etxearen sorreran. Wolfgang Wippermann, Fritz Teppich, Helios Mendiburu edo Hans-Joachim Wilkeren laguntzaz, urtebete beranduago eratu zen Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V. delakoa. Mendiburu izan zen lehenbiziko presidentea. Gerratik ihes egindako soldadu errepublikarren semea, Cottbusen hazi zen, Errepublika Demokratikoan. Behin Harresia erorita, Berlin bateratuan Friedrichshain auzoko lehenbiziko alkatea izan zen, SPD alderdiarekin. Oraindik postu horretan zela bilakatu zen Euskal Etxeko presidente ere.
Constanze Lindemannek Gernikaren bonbardaketari buruz Berlinen antolatu sinposioarekin ipini zuen Euskal Etxea izango zenaren zimendua. Sorrera gauzatu ondorengo hitzaldi honetan laburbildu zituen prozesuaren nondik norakoak.
Irakurri testuaPatuak, kasualitate hutsak ere izan du pisurik Berlingo Euskal Etxearen jardunbidean. 1997an, Berlingo Gernikaren bonbadaketari buruzko sinposioa prestatzen ari zela, gonbidatuentzat bidaia antolatze aldera Tegel aireportuko Iberia airelinearen mostradorera hurbildu zen Constanze Lindemann. Bertako beharginarekin hizketan hasi, eta Euskal Herria ea ezagutzen ote zuen galdetu zuen. Iribarre bat jaso zuen bueltan: Iberiako behargin hura Ainhoa Añorga Osa zen, urte batzuk lehenagotik Berlinen bizi zen donostiarra. Constanze bere planen berri ematen hasi zitzaionean, ez zuen askorik entzun behar izan, eta elkarte berria izango zenaren lantaldean integratu zen.
2004ean, Ingo Niebel kazetari eta historialariak hartu zuen Mendibururen lekukoa presidentetzan. Bere burua euskaldun moduan ikusten duen alemana da Niebel: Klaus aitaren lana zela eta, gaztetan Gernikan bizi izan zen. Euskal Herriari buruzko artxibo oso aberatsa bildu zuen Klaus Niebelek (Jose Antonio Arana euskaltzainarekin trukean bildutakoa, besteak beste). Aitaren heriotzarekin, artxiboa Frankfurteko euskal liburutegiaren eskuetan laga zuen Ingo semeak. Alemania eta Euskal Herria herrialdeen arteko elkar ezagutza sustatzeko lan eskerga eta eskuzabala egindakoa da Ingo Niebel.
Alemania mendebaldean bizi da Niebel, eta Gernika Deutsch-Baskischer Kulturvereinek egoitza Berlinen duenez, luzera aproposagoa zen elkartearen presidente hiriburuan bizi den norbait izatea. Niebelen lekukoa Ainhoa Añorga Osak hartu zuen, eta handik oso gutxira, garrantzi handiko urratsa ematea lortu. 2009ko abenduaren 9an, Euskal Jaurlaritzak izaera ofiziala aitortu zion Berlingo Euskal Etxeari. Bai Alemanian eta bai Euskal Herrian elkartearen izaera berretsita, aro berri baten hasiera adierazi zuen aurrerapausoa izan zen.
Pasa den mendeko 80. hamarkadatik, Berlinek eta Euskal Herriak harreman estua dute. Bizimodu alternatiboen bila zebiltzanen joan-etorria bi norabideetan eman izan da, esaterako. Alemaniako hiriburuak badu oraindik euskal herritar asko erakartzeko ahalmen berezia, eta gero eta aleman gehiagok egiten dute hegoalderako bidea ere, lurralde ezezagun samarra aurreiritzien zamarik gabe ezagutzeko irrikaz. Horietakoak ziren Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V. sortzen hainbeste lan egin zutenak. Elkartera batzen joandako kide euskal herritar berriekin, arnas apur bat hartu ahal izan zuten gero. Berlingo Euskal Etxeak Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Nazioarteko Egunaren saria jaso zuen 2014an. Onenak egiteke daude ordaindik, jakina, eta ateak parez pare zabalik ditu zuretzat.
Lehendakaria
1. ordezko lehendakaria
2. ordezko lehendakaria
Idazkaria
Diruzaina