Bisitari nobleak letren hiriburuan

Heinrich Heine, Bertolt Brecht eta Herta Müllerren etxera literaturarekin lotutako ekitaldiak ekartzeak atrebentzia dirudi ia. Berlinen bada, ordea, euskarazko idazleak ezagutzeko irrika. Euskal Etxeak ahal duen oro gonbidatu ohi ditu; batzuk lotura berezia dute hiriarekin.

B

erlinen hirurehun liburu-denda independente baino gehiago daude, kate handiekin inongo loturarik gabeak. Azkenaldian, beste hainbat tokitan emandako fenomeno goibelari desafio egin dio hiruburuak: zabaldutako saltoki txiki berriak gehiago dira, itxitakoak baino. Parkeetara hurbiltzea baino ez da behar egiaztatzeko: asko irakurtzen da Berlinen, eta idazle asko ematen jarraitzen du hiriak, beti bezala.

Alde horretatik begiratuz gero, beraz, logika osoa du euskal letrei hirian leihoak zabaltzen saiatzeak. Txikitik egindako ekitaldiak behar dute derrigor, baina merezi du saiatzeak. Euskaraz ikasten ari diren berlindarrak, hizkuntza jakin ez baina bata dela edo bestea dela nonbait ezagutu eta entzun gogo hutsez hurbiltzen direnak. Esker oneko publikoa dira.

Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltza, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Iñigo Astiz, Angel Erro, Mikel Peruarena Ansa, Kirmen Uribe. Euskal Etxearentzat gozatua izan da guztiak Alemaniako hiriburura gonbidatu izana. Edo Gabriel Arestiren 'Harri eta herri'-ko Brechten beste batzuekin nahastu eta berlindarrei aurkeztea.

Danele Sarriugarteren 'Erraiak'-en Berlinek badu tokirik. Irati Elorrietaren obran elementu garrantzitsua da.

Euskarazko literaturaren azkenaldiko fenomeno interesgarrienetakoa kanpotik iritsiko ahotsena da. Atzerrian mugitu diren euskal herritarrek (izan aldi baterako, izan luzaro) ikuspegi berriekin aberastu dute belaunaldi berrien emaria.

Berlinera etorri zen ikastera Danele Sarriugarte, bertan jarraitzen du Irati Elorrieta Euskal Etxeko kideak. K77 kulturgunean irakurraldia egin zuten biak 2015ean. Sarriugarteren 'Erraiak'-en hiriburuak badu tokirik. Elorrietaren obran elementu garrantzitsua da. 'Neguko argiak'-ekin saria jasota, Euskadi literatur saridun bat du Berlingo Euskal Etxeak taldean. Ez dira asko izango munduan!

Berlingo Euskal Etxeko kide ohi batek, Lander Majuelo editoreak, W.G. Sebalden 'Austerlitz' aurkeztu zuen Berlinen 2022an. Euskarari itzulpen harrigarria oparitu dion Idoia Santamaría izan zuen alboan, Uwe Schütte Sebalden obraren adituarekin batera.

Hans-Joachimen seta

Literaturaren harra barru-barruan dute Euskal Etxearen sortzaileek ere. Urte askotan idazkari izandako Hans-Joachim Wilkek Lertxundiren 'Hamaseigarrenean aidanez' eta Jimenezen 'Baleen berbaroa' alemanera ekarri ditu. Errepublika Demokratikoan beste hizkuntza batzuen itzultzailea zen, eta euskara gerora ikasi zuen Berlinen, bertan bizi zen hiru euskal herritarrek lagunduta. Hans-Joachimen seta zoragarririk gabe, Euskal Etxea ez litzateke bera, eta euskarak leiho bat gutxiago luke mundura.

Atzerriko hiri handi batean euskarazko literatura ekitaldiak antolatzeak baditu bere zailtasunak. Lehenbizi, aurkeztu nahi den obrarentzat formatu egokia topatu beharra dago, eta egoitzarik gabe, Euskal Etxeari aldiro areto ezberdinetan atea jotzea tokatu ohi zaio, agertoki eske. Ahalegin handiena, ordea, itzulpenek eskatzen dute. Alemana ez da inola ere hizkuntza samurra, eta behin testuak bertako hizkuntzara ekartzen hasita, taxuz egin beharra dago.

Euskal egileen obra Alemanian zabaltzeko, derrigorrezkoak dira epe luzerako begirada eta behar diren baliabideak hortara bideratzea. Banakakoen seta (Petra Elser ezin aipatu gabe utzi hemen) miresteko modukoa da, baina ezinbestean apalduko da babes aproposaren ezean. Itzulpengintzaren bigarren norabideak -euskaratik zuzenean atzerriko hizkuntzetara- merezi du benetako bultzada.

Euskarazko abestiak suzko zelaietan

1915ean, Gerra Handiaren erdian, Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoen ahotsak grabatzeari ekin zion. Besteak beste, Frantziarekin aritu euskal soldaduenak. 90. hamarkadatik, grabaketa horiek Berlingo bi erakundek gorde dituzte, Etnologia Museoak eta Humboldt Unibertsitateak. Lanketa prozesu luze baten ondoren, Gerra Handiko euskal presoen grabazioak eskuragarri daude egun publikoarentzat (besteak beste, mintzoak.eus atarian). Piezok Euskal Herrira iristeko ezinbestekoa izan zen Lourdes Izagirre Ondarra antropologo eta Euskal Etxeko kidearen lana. 2016an, grabazioak Dahlem auzoko Etnologia Museoan bertan aurkeztu zituen Izagirrek. Alboan Mikel Peruarena Ansa izan zuen, Gerra Handiko euskal soldaduei buruzko 'Su zelaiak' bere nobela zoragarriko pasarteak irakurriz.