Berlingo Zehlendorf auzoan dagoen Guernicaplatz 1998ko azaroaren 27an inauguratu zen. Hauxe da Wolfgang Wippermann historialariak plazari emandako izen berria agurtzeko prestatu hitzaldia.
G
ernika ez zen famatu bihurtu bonbardatu zutelako; famatua zelako bonbardatu egin zuten", esan zuen behin batean Eduardo Vallejok. Esaldi hori egiazkoa da, eta neurri berean garrantzitsua. Gernika hiri txikia da, baina garrantzi handikoa. Euskaldunen hiri sakratua da, euskaltasunaren zentroa, historia nazionalaren sinboloa. Hemen egon zen , Gernikako haritzaren azpian, euskaldunen antzinako batzar-leku bat. Hemen aurkitzen ditugu euskal demokraziaren erroak. Oso demokrazia zaharra da euskaldunena, euskaldunak oso herri zaharra diren hein berean.
Horrexegatik izan dute alemaniarrek euskaldunak ezagutzeko interesa. Eta egin ere aspalditik egin dute. Euskaldunak ezagutzeko interesa. Eta egin ere aspalditik egin dute. Euskaldunen eta alemaniarren arteko harremanek ia 200 urte dituzte. Wilhelm von Humboldtek Euskal Herrira egin zuen bidaia ospetsuarekin hasi ziren.
Zer ikusi ote zuten alemaniarrek euskaldunengan? Zergatik liluratu ziren hainbeste? Bada, euskaldunak badirelako alemaniarrek izan nahi dutena eta bilatzen dutena, hots, herri zahar bat, herri benetan zaharra. Euskaldunengan benetako sustraitasuna eta antzinatasuna ikusten dituzte alemaniarrek. Zentzu honetan badira hor alderdi bitxiak, ia erromantikoak.
Zer ikusi ote zuten alemaniarrek euskaldunengan? Zer dela eta liluratu ziren hainbeste? Bada, euskaldunak alemaniarrek izan nahi dutena eta bilatzen dutena direlako, hots, herri benetan zaharra.
1937ko apirilean hiriaren aurkako erasoa agindu zutenean, Gernikaren garrantzi berezia ezagutzen bide zuten Condor Legioaren buruzagiek. Garbi dago, halaber, Francoren agindupean matxinatu zen armadaren ofizialek ere Gernikaren garrantzi hori ezagutzen zutela.
Erasoa gauzatzeko arrazoiak ez ziren bakarrik militarrak izan, baizik eta baita politikoak eta psikologikoak ere. Gernikarekin batera euskaldunen morala hautsi nahi zuen erasoak. Herritarren morala haustera zuzendutako aire-erasoei izen berezi bat eman zieten gerora alemaniarrek: "ikarazko erasoak".
Eta 1937ko apirilaren 26an Gernikan gauzatu zen bonbardaketa "ikarazko eraso" horietako bat izan zen, Etsaiaren erretagoardian babesik gabeko hiri baten aurka zuzendutako lehenengo erasoa izan zen, eta han bertan galdu zuen erretagoardia izenak bere zentzua. Historian lehen aldiz, edo gerraren historian lehen aldiz (historia ez baita inola ere, gerren historia izatera mugatzen), antolatu zen lurrean horrelako bonbardaketa bat eta horretarako prestatutako teknika berria probatu. Lehenengo urratsa lehergailuak -lehen- eta su bonbak -gero- botatzea zen, hainbat erasoalditan; horren ostean, metrailadoraz hornitutako hegazkinak lurretik hurbil pasatzen ziren, artean ere mugitzen zen guztia tirokatuz.
Erasoen biktimak 1.000 inguru ziren -ez dugu kopuru zehatza ezagutzen, frankistek debekatu baitzuten horren berri ematea- eta hiria erabat suntsiturik geratu zen.
Horra hor ondorioa: hiri bat hondaturik eta ehunka gizaki hilda. Ondorio hori ezin ukatuzkoa da. Gertaera historikoa da. Ekintza justifikatzeko edo zuritzeko ahaleginek ezer gutxi alda dezakete. Ahalegin horiek askoz ere geroago etorri ziren. Izan ere, frankistek Gernika hartu bezain laster han lurreratu ziren Alemaniako hegazkinak, pilotuek ikus nahi baitzuten euren ekintzaren ondorioa. Eta harro azaldu ziren egindakoaz. Hori idatzita utzi zuten pilotu batzuek, eta, beraz, egia dela ezin ukatuzkoa da. Alemaniarren erreakzioez ezin dugu gehiagorik jakin, Condor Legioaren artxibategia suntsitu egin zuten eta.
Munduaren erreakzioaz, ordea, badakigu zertxobait gehiago. Ikaraturik jakin zuen gertatutakoaren berri. Ikara hori berdintsua izan zen alderdi guztietan, hau da, Frankoaren kolpearen alde eta Alemaniaren zein Italiaren esku hartzearen alde –Espainiako Gerra Zibila, arrazoia edozein zelarik ere, Europa mailako gerra bihurtu nahirik– azaldu ziren askok ere sentimendu berberak izan zituzten. Orduko jende askok esan zuenez, Gernikaren aurkako erasoak garai berri baten hasiera ekarri zuen berekin: basakeriaren garaiaren hasiera. Picassok era ezin hobean adierazi zuen ideia hori bere artearen bidez.
Orduko jende askok esan zuenez, Gernikaren aurkako erasoak garai berri baten hasiera ekarri zuen berekin: basakeriaren garaiaren hasiera.
Gernikaren –1937– ostean Vartsovia etorri zen, 1939an; gero Rotterdam eta Coventry 1940an; eta haien ondoren Belgrad, 1941ean. Eta aire-eraso bakoitzak aurrekoak baino biktima gehiago eragin zituen. Ordura arte Belgradekoa izan zen ekintzarik odoltsuena; gero –Gernika, Vartsovia, Rotterdam, Coventry eta Belgraden ostean– Lübeck, Hamburg, eta Alemaniako beste hiri batzuk birrindu zizuzten. Azkena Dresde izan zen.
Nolanahi ere, Gernikakoa izan zen lehendabizikoa. Gernikak –hiriak eta Picassoren margolanak– leku finko eta tragikoa eskuratu zuen herrien oroimen kolektiboan.
Ia herri guztietako jendearengan gertatu zen hori. Biktimen eta Erasotzaileen herriak soilik izan ziren ezberdinak. Franco diktadoreak Gernika gogoratzea debekatu zien euskaldunei, bonbardaketak Gernikan utzitako arrastoak artean ere agerikoak eta ia ezkutaezinak izan arren. Hala eta guztiz ere, jendaurrean hitz egitea eta kexu azaltzea debekatuta zegoen.
Alemanian, ordea, hitz egin genezakeen, eta hitz egin beharko genukeela pentsa dezakegu. Eki Alemanian bai egin zen, baina Gernikaren aurkako erasoaren erantzukizuna beste Alemaniako estatuari egozteko. Eta horixe izan zen Gernikako ekintza ez aitortzeko eta ahazteko Mendebaldeko Alemaniak izan duen arrazoia; ezin onartutako aitzakia, dena dela.
Hala eta guztiz ere, "samina sentitzeko ezintasun" erabateko horren errua ezin egotz dakioke Gernikako ekintzaz Eki Alemaniaren propagandak egin zuen instrumentalizazioari. Izan ere, horrez gain kanpo politikaren kalkuluak ere egon ziren. Hala, "bigarren erasotzailea" –Franco– jainkorik gabeko komunismo maltzurraren aurkako borrokakidetzat hartu zuen mundu libreak, leku guztietan mesprezatutako diktadore faxista izandakoa zela ahazturik. Gernika gogoratzeak zikindu egingo zukeen garbitutako irudi historiko hura.
Hori horrela izanik, aire-eraso hartan hil ziren alemaniarrak bai izan ziren omenduak, baina Gernika eta eraso horren hasiera ez ziren inola ere aipatu.
Horren ondorioa hauxe izan zen: Picassoren Gernikak miresmena sortu zuela eta haren kopiak leku orotan zabaldu zirela; Gernika, ordea, errealitateko hiria izan arren, ez zuten alemaniarrek oroitzapen-lekutzat hartu.
Gure bi elizak isiltasunean ezkutatu ziren, bai Gernikari dagokionez eta bai Espainiako Gerra Zibilean izan zuten jokabideari dagokionez, urte haietan argi eta garbi azaldu baitziren Francoren alde. Eliza katolikoa muturreraino joan zen: Erdi Aroko gurutzaden izpiritua berpiztu eta Espainiako gobernu legitimoaren eta hango Errepublikaren aurkako "gurutzada" berri bat aldarrikatu zuen.
Picassoren Gernikak miresmena sortu zuen eta haren kopiak leku orotan zabaldu ziren; Gernika, ordea, errealitateko hiria izan arren, ez zuten alemaniarrek oroitzapen-lekutzat hartu.
Gernika eta Espainiako Gerra Zibila ahazteko ahalegin orokor horretan bada bereziki nabarmendu den erakunde bat: Alemaniako armada federala. Beronek "armada garbiaren" legendari eutsi zion beti ere, eta aire-armadaren irudia bereziki zaindu zuen, beraren eskuak odol tantarik ez zutela erakutsi nahi izan baitzuen behin eta berriz. Horren harira, legenda berri bat asmatu zuen: errakuntzaren gezur galanta. Hura bai zen berria! Condor Legioak berak ez zuen inoiz ere bere ekintza gezurtatu. Gezurra asmatu zutenak Alemania Federaleko militarrak eta armadako historiagileak izan ziren, seriotasun osoz errepikatu baitzuten, etengabe, erasoaren asmo bakarra zubi bat apurtzea zela. Baina apurtu ez zuten egin, hamar metroko zabalera zuen zubia izan arren.
Zubia ez zuten ukitu, baina hiri osoa bai birrindu zuten. "Ikarazko eraso" bat errakuntza baten eraginez? Gainera errakuntza izan zela onartuta ere krimena ez da horregatik desagertzen. Krimena ordaindu gabe dago oraindik ere. Zentzu horretan, armada federalak Condor Legioaren izena ezabatu beharko luke "tradizioa zaintzearen" izenean aldatu gabe duen katalogotik. Desiragarria iruditzen zaigu hori, armada federalak ez bailuke –gure ustez– Condor Legioaren ofizialen izena erabili behar bere koartelak izendatzeko.
Gernika oroitarazteko asmoz hiria bisitatu eta bertan oroimen-lanak egin zituen "barkamena eskatzeko zeinua" izenezko ekintzaren ostean Alemaniako mugimendu bakezalea –gaur egun historiko bihurtu den mugimendu hura– izan zen Gernika gogora ekarri zuena. Nolanahi ere, Pforzheim, Wunstof eta Berlingo talde txiki batzuk izan ziren Gernika ahaztearen aurka mugitu zirenak. Haien ahaleginak emankorrak izan dira. Hala, bonbardaketaren 60. urtemugan gutun bat bidali zuen Roman Herzog Alemaniako presidente federalak Gernikara, bertan gertatutakoak eragiten zion samina azaltzeko.
Alemaniarrok eta euskaldunok etxe berean bizi gara orain, Europa izeneko etxean. Etxe hori handia da, baina ez elkarren arteko loturak eta agurrak eragozteko bezain handia.
Gaur beste arrakasta bat aipa dezakegu. Berlingo plaza txiki bati Gernika izena emango diogu. Plaza hori Espainiako etorbidean dago, hots, Condor Legioak Espainako Gerra Zibilean gauzatu zuen erasoa saritzeko orain dela 59 urte –1939an– izen hori hartu zuen kale batean. Bi gauza horiek garrantzitsuak dira, eta bi arrazoi ditugu orain aipatzeko:
Alde batetik, gero eta gehiago direlako iraganean gertatutakoa ahaztu eta gure "historia" normaldu nahi dutenak. Gernika, haatik, ez zen "zerbait normala" izan, eta, hortaz, Gernika Plaza oztopoa izango da Ahanzturaren Bidea hartu nahi dutenentzat. Horrez gain, Gernika Plaza pizgarria izan daiteke alemaniarren eta euskaldunen arteko harremanak sakontzeko. Geu –alemaniarrok eta euskaldunok– etxe berean bizi gara orain, Europa izeneko etxean alegia. Etxe hori handia da, baina ez elkarren arteko loturak eta agurrak eragozteko bezain handia. Hortaz bihotzez agurtzen ditut berriz ere Euskal Herritik etorritako lagunak. Hemengoak zareten jaun-andreoi, berriz, europar etxe honetan euskaldunek duten gela bisitatzera gonbidatzen zaituztet, bisita horretan Gernikatik pasatuko zaretelakoan. Gauza asko ikas ditzakegu bertan, bai hiriaren iraganagatik eta bai beraren orainaldiagatik.
Historialaria (Wesermünde, 1945eko urtarrilaren 29, Berlin, 2021eko urtarrilaren 3a), Berlingo Euskal Etxearen sortzaileetakoa da. Historia modernoko irakaslea izan zen Berlingo Unibertsitate Libreko Friedrich Meinecke Institutuan. Berlingo Arteetako Unibertsitatean eta Potsdamgo Zientzia Aplikatuetako Unibertsitatean ere irakatsi zuen. 2021ari ekin berritan hil zen minbiziak jota.