Uzta berria
zine zaharrEAn

Euskarazko zinemagintzaren urteko pieza adierazgarrienen aukeraketa aurkeztu ohi dio Euskal Etxeak udazkenero Berlingo publikoari. Hirian bizi diren euskaldunek eta Euskal Herriari buruz jakin-mina duten hainbat lagunek bete ohi dituzte 1907an zabaldutako aretoaren butakak.

Euskarazko ikus-entzunezko emariari Berlinen leiho bat zabaltzea Euskal Etxearen egitasmoetakoa izan da bere sorreratik. Hamarkada luze batez, ale solteekin izan zen. Baina 2012az geroztik, Alemaniako hiriburuak bere euskarazko zinema festibala du: azaroko bigarren hamabostaldian ospatu ohi den Baskisches Filmfestival.

Bi urtez behingo jaialdi moduan hasi zena laster bilakatu zen urteroko hitzordu. Azkenaldiko uzta emankorra dela eta, Euskal Etxeak programazio sendo askoak osatu ahal izan ditu beti.

Festibala antolatu ahal izateko, Berlingo Euskal Etxeak egoitza egokia behar zuen. Zorionez, bidaiderik aproposena du: Kreuzberg auzoko Moviemento zinema-aretoa. Alemaniako zaharrena da: 1907an zabaldu zuen Alfred Topp aitzindariak Topps Kino izenarekin. Egun, kalitatezko filmen alde apustu egiten duen lantalde txiki eta gaztea du Moviementok. Euskal Etxeak asko dio eskertzeko: talde horren konplizitaterik gabe, ezinezkoa litzateke Baskisches Filmfestival Berlingo publikoari eskaintzea.

2019

Zinema jaialdi baten alderdirik ederrena da, susmatu gabeko hainbat istorio ezagutu ahal izatea. Horixe gertatu zitzaien hainbati Berlinen 'Jainkoak ez dit barkatzen' dokumentalarekin. Lezo Urreiztietaren potretak ez sinesteko moduko pasarteak ditu. Bigarren urtez segidan (2017an 'Markak' izan zen') Bernardo Atxagaren lan baten moldaketa aurkeztu zuen Euskal Etxean Berlinen: oraingoan, Fernando Bernuesen 'Soinujolearen semea'.

Istorio berriak ezagutzea atsegina bada, ia are pozgarriagoa da Euskal Herriari buruzko begirada freskoak Berlinen aurkeztu ahal izatea. Horixe antzeman zaio Koldo Almandozen 'Oreina' filmari: oso hurbileko kontuen dogmarik gabe narrazioa, klasikoa eta zeharo modernoa aldi berean. 'Muga deitzen den pausoa' bigarren estreinaldia izan zuen Maider Oleagak Baskisches Filmfestivalen. Klasiko bat gurean.

2018

Euskal zinemagintzarentzat urte erraldoia izan zen. Jaialdia Donostiak inspiratutako 'Kalebegiak' laburmetraia bildumak zabaldu zuen oraingoan. Ostiralean, Moviementora bertaratutakoak butakara itsatsita geratu zituen 'Errementari'-rekin. Euskal zinemagintzak beldurrezko thrillerrak ekoitzi ahal dituela egiaztatu zen Berlinen. Paul Urkijo zuzendariak eta Nerea Torrijos jantzien arduradunak sos gutxi eta irudimen handiarekin puntako emaitzak nola lortu azaldu zieten ikusleei.

Zapatuan, aspaldiko partez, musikari buruzko dokumentala programatu zuen Euskal Etxeak. 'Hunted by the snake', Cancer Moon kultuko bandari buruzko pieza. Iganderako, berriz, euskarazko pelikula itzelezkoena: Aitor Arregi eta Jon Garañoren 'Handia', Altzoko erraldoiaren bizitzaren kontaketa hunkibera. Baskisches Filmfestivalentzat ere ez zen batere urte kaskarra izan: beste behin, euskal ikus-entzunezko ekoizpeneko nazioartera inongo konplexurik gabe irten ahal dutela egiaztatu zen Berlinen.

2017

Bosgarren Baskisches Filmfestival bidaia txundigarri batek zabaldu zuen. Albaolaren espedizioarekin 'Elkarrekin' AEBko Maine estatuko kostaldera egindakoa, alegia. Euskal balezaleen istorio zaharrak Berlingo Moviementon.

Ostiralerako, bigarren txangoa. Donostiako Zinemaldian aurkeztu 'Bi txirula' pelikulan, Iñigo Garcia zuzendariak bi lagunek toki hobeago baten bila egin ihesaldi misteriotsura leihoa zabaldu zuen. Zapatuan, beste aurkikuntza bat. Iratxe Fresnedak zinegintzaren benetako aitzindari baten, Mirentxu Loyarteren, bizitza xehatu zuen 'Irrintziaren ohiartzunak' dokumentalean. Festibala ixteko, Euskal Etxeak haurrei eskaini lehenbiziko sesioa, klasiko batekin: urte horretan zendu Juanba Berasategiren 'Kalabaza tripontzia' miresgarria.

2016

Egipton zesta-puntan jokatzen zen pasa den mendearen 20. hamarkadan. Hori eta beste hainbat datu harrigarri ikasi genituen 'Jai Alai Blues', 2016ko Baskisches Filmfestival zabaldu zuen dokumental zirraragarrian.

Biharamunean, Euskal Etxeak oso une berezia bizi zuen: hiriburuan girotutako 'Iragan gunea Berlin' filmaren aurkezpena. Zapatuan, behingoz euskarazko komedia bat ikusi ahal izan zen Moviementon: Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga protagonista zituen Ben Sharrocken 'Pikadero'. Eta festibala onenean bukatzea ohitura ederra denez, igandeko arratsaldeko sesiorako geratu zen urteko pelikula ezagunena: Asier Altunaren 'Amama' hunkigarria.

Errefuxiatuak, gaur atzo bezala

Jose Antonio Agirre lehendakariak Berlinen sasian emandako hilabeteak aitzakia hartuta film bat modu askean egiteko gonbita jaso, eta Maider Oleaga zuzendariak une horretan bere gorrienean azaltzen ari zen afera bati -errefuxiatuena- heltzea erabaki zuen. Erbestea, ihesaldia, distantzia... Agirre eta oraina lotzen dituzte. Hirian filmatu pelikula Euskal Etxeak bere jaialdian aurkeztu ahal izatea ez da egunero gertatzen.

2015

Euskal zinemagintzaren azkenaldiko emari oparoa dela eta, jaialdia urtero antolatzen hastea beste aukerarik ez zitzaion geratu ia Euskal Etxeari. Hirugarren Baskisches Filmfestival 'Lasa eta Zabala'-k zabaldu zuen: Pablo Malo zuzendaria bertan izanda, hasiera borobila izan zen. Biharamunean, Karmele Jaiok bere nobela bat oinarri duen 'Amaren eskuak' aurkeztu zuen, Mireia Gabilondok zuzendua. Bisitak Jaio inspiratu zuen, antza: bere hurrengo nobelako protagonista Euskal Herria laga eta Berlinera egiteko tentazioaz bizi zen...

Festibal berean bigarrenez, gatazka politikoari buruzkoa izan zen larunbatekoa, Ander Iriarteren 'Echevarriatik Etxeberriara', Oiartzunen kokatutako irakurketa pertsonala. Igandean, lehenbizikoz sesio bikoitza programatu zuen Euskal Etxeak. Lehenik, Juanmi Gutierrezen 'Ateak zabalduz'. Eta jaialdia ixteko, une hartan Oskar sarietara atzerriko film onenaren aukeraketako bost finalisten artean sartzeko itxaropenez zebilen Jon Garaño eta Jose Mari Goenegaren 'Loreak', euskarazko zinemagintzaren inoizko pelikularik entzutetsuena.

2014

Bigarren zinemaldia dokumentalei emana izan zen ia osorik. 'Alardearen seme-alabak'-en proiekzioak hitzik gabe, sutan laga zituen Irun eta Hondarribian urtero gertatu ohi den bidegabekeria ezagutzen ez zuten hainbat berlindar. Jone Karres zuzendariak -aleman perfektuaz- eskaini argibideak bereziki lagungarriak suertatu ziren.

Ostiraleko sesioak askoz aho zapore gozoagoarekin amaitu zen. 'Emak Bakia baita' Oskar Alegriaren harribitxi ezezagunarekin aho zabalik laga zituen Moviementora hurbildutakoak. Jaialdian ikusi ahal izan den pelikula berezi eta ederrenetakoa, ezbairik gabe. Aitor eta Amaia Merinoren 'Asier eta biok'-ek Berlinen ere interes handia piztu ohi duen gatazka politikoarekin aferari buruzko ikuspegi pertsonala eskaini zuen. Domekan, azkenik, Kimuak lehiaketako laburmetraien aukeraketa batek itxi zuen bigarren Baskisches Filmfestival.

2012

Euskal Etxearen agendan toki finkorik izango ote zuen pentsatzen hasi baino lehen, zinemaldia antolatu eta Berlingo publikoari aurkeztea posible zela egiaztatu beharra zegoen. Saiatu gabe ez baita jakiterik izaten... Eta lanaren fruitua ez zen hain aldrebesa ere izango, Baskisches Filmfestival udazkeneroko hitzordu bilakatu bada!

Estreinako hura ez zen nolanahiko festibala izan, gainera. Mikel Ruedaren 'Izarren argia' gure jaialdian proiektatutako lehen pelikula izan zen. Euskal Filmategiko zuzendariak, Joxean Fernandezek, Gerra Zibilari buruzko filmografiari buruzko printza batzuekin osatu zuen emanaldia. Bigarren egunean, Asier Altunak 'Bertsolari' aurkeztu zuen Berlinen, oholtzari eta inprobisazioari emandako pieza hunkigarria.

Zapatukoa sesio bikoitza izan zen, Fermin Muguruzaren 'Zuloak' behar zen moduan gozatzeko. Dokumentalaz gain, kontzertua eskaini zuen Euskal Herriko riot-grrrl talde misteriotsuenak Clashen. Behin igandeko ajea uxatuta, Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren 'Gartxot'-ek itxi zuen lehenengo Baskisches Filmfestival. Errepikatzeko modukoa...