Normalena ahaztea da, ez gogoratzea

Alemaniak Gernikako bonbardaketagatik barkamena eska zezan intelektual talde batek gauzatu saiakera izan zen urte batzuk geroago Berlingo Euskal Etxea bihurtuko zenaren lehenbiziko kimua. Ordudanik, memoria historikoaren inguruko hainbat ekimen burutu ditugu, aitzindari haien eredua gogoan.

B

erlinen gozatu ahal izan genuen Hannot Mintegiaren 'Markak' dokumentalean, Bernardo Atxaga idazleak (filmak bere liburu bat du iturburu) gerra baten moduko gertaera traumatikoei eta memoria historikoari buruzko gogoeta egiten du. Horrelakoetan, atzera begiratu eta zer gertatu den aztertzea ariketa ia antinaturala da, Atxagaren ustez. Normalena ahaztea delako, ahaztu nahi izatea. Ez gogoratzea.

Alemania Herrialde moduan bateratu zenetik, iraganari begiratzeko modu berria barneratu du apurka. Frank-Walter Steinmeier presidenteak adierazi moduan, alemanek bere aberria "bihotz apurtuaz" soilik maitutu ahal dutela ulertu dute. Memoria lantzeko ariketa kolektiboan, Gernika bonbardatu izanagatik gauzatu barkamen eskaera garrantzi berebiziko mugarria izan zen.

Herzogen eskutitza

Alemaniako presidente zenak, Roman Herzogek, eskutitza bidali zien Gernikako bonbardaketaren biktimei eta haien ondorengoei. Ia hamarkada bat iraun zuen sukalde lanaren emaitza izan zen.

Eskutitza irakurri

80. eta 90. hamarkadetan, lehenaldiko akatsak identifikatu, aztertu eta onartzearen jarrera ez zegoen inola ere gaur bezain errotuta Alemanian. Egoskor lan egin zuten ekintzaile, historialari eta ordezkari politikoei esker, egoera aldatuz joan zen. Gernikaren aferean, gobernuari mugimenduak eskatzearen ekimena gizarte zibiletik sortu talde zabal batena izan zen. Alderdi Berdeko Petra Kelly, izan zen, 1987an, Errepublika Federaleko parlamentuan barkamen eskaera proposatzen lehena, inongo arrakastarik gabe.

Constanze Lindemann sindikalista, Fritz Teppich soldatu errepublikar ohia eta Wolfgang Wippermann historialariaren adoreari esker, batik bat, Gernikaren gaia ez zen bateratzearen ondoren Berlingo giro politikotik desagertu. 1997an, bonbardaketaren 60. urteurrenean, ailegatu zen azkenean Alemaniaren damu adierazpen ofiziala. Inor gutxik espero zuenean, memoria historikoaren arloan urrats erabakigarriak eman zituen Roman Herzog presidente demokristauak eskutitz bat bidali zuen Gernikara. Bonbardaketaren erantzukizuna bere gain hartu, eta barkamena eskatu zien alemanen izenean erasoa pairatu zuten guztiei.

Sinposioaren fruitu oparoak

Herzogek pausu hori eman zuenerako, Lindemannek bonbardaketari buruzko sinposio bat deituta zuen Berlinen. Presidentea gonbidatu zuen parte-hartzera, baina Herzogek ezin izango zuela erantzun, eta trukean eskutitza idaztea eskaini zion. Lindemannek Gernikara bideratzea proposatu zuen, eta Herzogek Madrilgo enbaxadorea bidali zuen bertan prestatuta zeuden ekitaldietara. Alemaniako parlamentuaren eta indar politiko nagusien oniritzirik ez zuen presidenteak, eta erabaki ausarta izan zen oso, hainbat alderdikide demokristauek marmarka hartu zutena.

Sinposio hark beste fruitu garrantzitsu bat ere laga zuen. Juntadizo hartan erabaki zuten Lindemann, Wippermann, Teppich eta beste adiskide batzuk Berlingo Euskal Etxea sortzea. Egoitzarik gabeko elkartea, Alemania eta Gernikaren artean eraiki zubi berria baliatuz euskal kultura Berlinen ezagutarazteko plataforma. Zubi horren beste muturrean, Gernikan bizi zen Michael Kasper euskaltzalearen ekarpena ere oso baliotsua suertatu zen.

Wippermanen hitzaldia

Berlingo Zehlendorf auzoan dagoen Guernicaplatz 1998ko azaroaren 27an inauguratu zen. Wolfgang Wippermann historialariak berbaldi hunkigarri batekin agurtu zuen plazari emandako izen berria.

Hitzaldia irakurri

Sorreratik, memoriaren lanketa izan da Euskal Etxearen zimenduetako bat, nagusia akaso. Esanahi berezia du horrek, alemanek sortutako elkartea dela kontutan izanda. Bundestagak ere Gernikari ofizialki barkamena eskatzearekin, hurrengo mugarria iritsi zen. Alemaniako hiriburuan Gernikari plaza bat eman zitzaion, Zehlendorf auzoan. Eduardo Vallejo Gernikako alkatea bertan izan zen. Ordutik, bertan gogoratu ohi du apirilaren 26ero Euskal Etxeak bonbardaketa, ekitaldi xume batekin. 2009an, SPDko parlamentari Klaus Uwe Benneteren eskutik, bonbardaketari buruzko argibide-taula paratu zen taulan.

2012an, Gernikaren bonbandaketaren 75. urteurrenaren harira, erakusketa eta batzar berezia antolatu zituen Euskal Etxeak, Haus der Demokratie-ren laguntzaz. Wolfgang Wippermann, Ingo Niebel edo Emilio Majueloren hitzaldiez gain, hainbat dokumental proiektatu ziren. Programaren muina Gernikako Bakearen Museoak bonbardaketari buruz prestatu esposizioa izan zen.

Aipatu ekimenen artean, 2016an antolatu Agirre in Berlin batzarra esanguratsuena da beharbada. Lehendakariak Bigarren Mundu Gerran Amerikara bidean Berlinen sasian emandako hilabeteak aitzakia hartuta, Euskal Herriak gatazka hartan bizitakoa arlo ezberdinetatik aztertu zuten hainbat historialari eta espezialistek, Berlingo Humboldt unibertsitatean deitu bileran.

Markak filmaren aurkezpena eta laguntzeko antolatu Aitor Etxebarriaren kontzertua, Michael Klant-en Berlin eta Gernikaren zeru trukaketa proiektua, Iñaki Egañaren hitzaldia. Euskal Etxeak ia urtero du memoriari buruzko proiekturen bat agendan. Normalena ahaztea da, baina gogoratzearen esfortzuaren fruituak merezi du, gure elkartaren sortzaileen erakutsi ziguten moduan.