60. urteurrenaz

Constanze Lindemann

'Gernika - Historia eta oroimena' sinposioa 1997an antolatu, eta Berlingo Euskal Etxearen sorrera bultzatu zuen Lindemannek. 1999ko hitzaldi honetan laburbildu zituen hasierako urrats horiek.

H

asieran euskaldunak izan ziren. Adiskidetzeko beren ahaleginak. Alemaniarrak berandu oroitu ziren, eta erakunde ofizialak errua eta erantzukizuna onartzeko erabat gogoz kontra agertu ziren, 1945 ostean sarri gertatu bezala. Bonbardaketaren 60. urteurrenak etena ekarri zuen. Historiaren zama itxaropen izpi bilakatu zuten Alemaniako Roman Herzog presidenteak Gernikan bizirik atera zirenei zuzendutako gutunak, bakeak egiteko eskariak eta kaltetuak izan zirenen sufrimenduaren erantzukizuna onartzeak.

Itxaropena elementu iheskorra da zenbaitetan. Errealitate bihurtzeko nahiarekin uztarturik, etorkizunari atea zabaltzen dion indarra har dezake. Etorkizuna, elkarrenganako jakin-nahiarekin, gorrotoa gaindituz, justizian sustraituz, eta konfiantzarako adorea adierazten duen buru-estimuz betea.

Elkartearen sorrera

1996an hasten da Berlinen Gernika gaiarekiko kezka, Gernika eta Pforzheim hiriak senidetu zirenean. IG Medien Berlin sindikatuak erakusketa bat antolatu zuen Espainiako Gerra Zibilaren 60. urtemugarako. Ekitaldien prestaketan ari zirela, Alemaniako Gobernuak Gernikako bonbardaketan alemaniarrek izandako errua onartzeko auzian, hitz emandakoari eusteko eta euskaldunekin adiskidetzeko erakusten zuen jarrera iraingarriarekin topo egin zuten.

Joachim Becker eta Eduardo Vallejo de Olejua, Pforzheim eta Gernikako orduko alkateek, udan Berlinera etorri eta ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena arazorik gabe onartu zutenean, posible izan zen gai honen inguruko konpromisoari ekitea.

Gernikaren suntsiketaren 60. urteurreneko prestaketak egiteko, erakunde, talde eta pertsonen parte hartze zabalarekin '60 Jahre Gernika – Gegen das Vergessen' (60 urte Gernika – Ahanzturaren kontra) ekimena sortu zen 1996ko udazkenean. Ekimen honek, hain zuzen ere, Condor legioak suntsitutako Gernikaren inguruko alemaniarren isiltasun ofizialarekin hausten laguntzea lortu zuen.

Bide horretan oinarrizko izan zen Gernikarekin eraikitako harremanean sakontzea: Eduardo Vallejo de Olejuarekin, Gernika Gogoratuz Bakearen Aztertegiarekin, bertako zuzendari Juan Gutierrezekin eta bonbardaketatik bizirik atera zirenekin.

Aldeko oihartzunak animaturik eta egindako adiskidetasunek adoretuta jarraitu genuen lanarekin eta sortu genuen elkartea.

60. urteurrenean, 1997ko apirilerako,  'Gernika – Historia eta oroimena' sinposioa antolatu zuen ekimenak. Hitzaldiak, mahai inguruak, bonbardaketa jasan zutenen testigantzak eta programazio artistiko zabala eskaini zituen sinposioak, eta oihartzun handia izan zuen bai Alemaniako eta bai Espainiako prentsan.

Aldeko oihartzun honek animaturik eta egindako adiskidetasunek adoretuta jarraitu genuen lanarekin eta sortu genuen elkartea. Lehen kultur elkarte aleman-euskalduna, alegia. Oraingoz ezin izan dugu elkarte europar gisa sortzeko gure helburua bete. Legedi europarra ez baitago arlo honetan nahikoa garatua.

Gabezia hau konpentsatzeko, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun aukeratu dugu gure lanaren laguntzaile eta aholkulari den batzorderako eta Gernikan bertan bi pertsona daude proiektu komunak koordinatzen.

Elkartea sortzen ari gara. Bi herrialdeetako kideak nahi ditugu, beren ideiekin eta proiektuetarako lan praktikoarekin parte hartzen dutenak edo gure lana ekonomikoki  babestu nahi dutenak. Ideia ederrenenetatik dirurik gabe ez da ezer sortzen.

Helburuak

Izenean bertan ageri dira elkartearen helburuak: Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein. 1937Ko Apirilak 26ak ematen digu historiatik ikasteko, ahanzturari aurrea hartu eta bi herrien arteko elkar ulertzea bultzatzeko mandatua eta eginbidea. Baina Gernika krimen alemaniar baten sinonimoa baino gehiago da.

Gure lanarekin Europa herri, eskualde eta lurralde ezberdinen arteko lankidetza gisa zentroan jartzen duen mugimendu baten parte ikusten dugu geure burua.

Gernika euskalduntasunaren eta euskaldunen sinbolo ere izan da eta da, kultura horren eta tradizio demokratikoen gorpuzkera.

Kultur aniztasunak, hainbat herrialde eta eskualdetako ezberdintasun eta berezitasunek adierazten dute Europaren izaera. Europa honetan bizi garenok aniztasun hau atxikitzeko eta berari buruzko jakintza hedatzeko interes handia dugu.

Gure lanarekin Europa herri, eskualde eta lurralde ezberdinen arteko lankidetza gisa zentroan jartzen duen mugimendu baten parte ikusten dugu geure burua. Elkarteak beste erakunde batzuekin batera ere egiten ditu proiektuak. Gure jarduera ahalik eta zabalen finkatu nahi dugu, bai Euskal Herrian eta bai Alemanian.

Berlingo Zehlendorf auzoko Guernica-Platz da beste talde eta erakundeekin elkarlanean burututako Gernikaren inguruko adierazpen ikusgarriena. Spanischer Allee etorbidean -horrela izendatu zuten nazional-sozialistek 1939an, Condor Legioak Espainiako Gerra Zibilean izandako garaipenen oroimenez- auzoko bilkuraren erabakiz  inauguratutako plazak eskuadrila honen krimen handienari buruzko ezagutza bizi mantentzen du.

Proiektuak

Prozesu kultural, historiko, sozial, ekologiko eta politikoen ezagutza zabaltzera zuzenduak daude bi herrialdeetan.

Pertsonen arteko topaketak, elkartrukea eta Alemania eta Euskal Herriaren arteko harremanean arlo kultural, zientifiko, sozial, ekologiko eta politikoa bultzatzen ditu.

Konparatzeko modukoak diren arazoak ikertu, eztabaidatu eta ezagutzera ematen ditu, adibidez oroimen historiko eta kulturalaren lanketa, aurreiritzien gainditzea edo egungo gatazken trataera.

Constanze Lindemann

Gaur egun Ver.di sindikatuaren atala den IG Medien inprimatzaileen elkarteko kide da. Historialari ere bada sindikalistaz gain, memoria historikoaren arloan hainbat proiektutan aritua. Alemaniak Gernikako bonbardaketagatik barkamena eska zezan sortu zen mugimendua izan zen horietako bat. Bere kemenarekin, besteak beste, Roman Herzog presidenteak gaiari hel ziezaion lortu zen.