Hauspoak iraun artean

Euskal Etxeak Korrika Berlinera ekarri ohi du 2011z geroztik, aldi bakoitzean ibilbidea auzo ezberdin batera aldatuz. Atleta sutsuen faltan, laburra izaten da arineketa, ondorengo bazkari eta berriketaldia ez bezala.

B

erlingo Euskal Etxeak ez du Realaren edo Athleticen partidak ikusteko juntadizorik antolatu ohi. Hiriburuko maratoi ospetsuan parte-hartu duen kiderik ere ez du. Lanera txirrinduaz mugitzen denik bai, baina presarik gabe, kulot eta maillota erostearen tentalditik urrun. Bi mila kilometro distantzia izango da akaso, baina Euskal Herriko kirolarekiko sukarrik ez da bizi Berlinen.

Akaso horregatik, Berlingo Korrika edonork osatzeko moduko lasterraldia da, hasi eta buka. Bi urte auzoz auzo mugituz doan euskararen aldeko pauso azkarreko paseoa, ondorengo bazkaria ezinezbesteko osagarritzat duena. Bost dira orain arte Euskal Etxeak antolatutakoak.

2022 Boxhagener Platz

Koronabirusak eragindako pandemiak Korrikaren erreskada normala eten zuenez, hiru urteko atsedenaldia izan zen Berlingo bosgarren eta seigarren Korriken artean. 2022koa bereziki egun alaia izan zen, aspaldi ikusi eta elkar besarkatu gabeko lagun asko bertaratu zirelako.

2013ko Korrikaren amaiera puntutik oso hurbil hasi zen 2022koa. Oberbaumbrücke zubia orduko kontrako norabidean igaro -hegoaldetik, Kreuzbergetik, iparralderantz-, eta Friedrichshain aldera egin zuen 200 bat lagunek osatu taldeak. Auzoko kaleetan bizilagunen txaloan entzunez, Boxhagener Platzeko helmugara iritsi ziren korrikalariak. Guztira, 1,9 kilometro, festa -barraskilo- erritmoan.

Zielona Gora lokal komunitarioko adiskideei esker, Berlingo Euskal Etxeak porrusalda beroa prestatu ahal izan zuen, elkartearen eta Korrikaren lagun guztiei eskaintzeko. Arratsaldea ere oso atsegin joan zen, Positive Hardcore taldearen kontzertuak gozaturik, besteak beste.

2019 Oranienplatz

Berlingo Korrikak Kreuzberg auzoko bihotzetik pasa beharra zuen noizbait. Oranienplatz eta Görlitzer Bahnhof arteko karrikek nortasun berezia dute: 24 orduz jendea kalean, sekula ixten ez duten tabernak, kebab jatetxeak nonahi.

Jatorri ezberdinetako gizataldeen arteko auzolanaren eredu da Kreuzberg: ailegatu berrien integrazioa eta hirian eraldaketa etengabeak inor atzean ez uztea dira xedeak, besteak beste. 2019ko Korrikak MaHallen ospatu zuen lasterka egin ondorengo bazkaria. Dozenaka elkarte bilduz auzoari duen espazioa da, Euskal Etxeari ere ateak zabaldu zizkiona. Jatekoa eta edatekoaz gain, Zea Maysen kontzertu akustikoaz gozatu ahal izan zuten bertaratuakoek MaHallen.

Goizeko arineketa, ondorengo mokadua eta Zea Maysen emanaldia egun luze baten hasiera baino ez ziren izan. Gauez, Berri Txarrakek kontzertua eskaini zuen Clashen, bere agur biraren baitan. Berlingo Euskal Etxeak ospatu Korrikarik akigarriena izan zen, inoizko ibilbide motzenarekin...

2017 Bergmannkiez

Platz der Luftbrücke alboan dago Berlingo Euskal Etxeak bilerak egiteko erabili ohi duen Mediengalerie (ez da publikoari zabalik dagoen egoitza bat). Platz der Luftbrücken dago baita Tempelhofeko aireportua zenaren terminal nagusia ere. 2015eko errefuxiatuen krisiaren ondoren, aterpetxe bezala atondu zuen Berlingo Senatuak, eta milaka iheslari hartu zituen aurrerantzean.

2017ko Korrika bertatik hasi, eta bere herrialdeetatik bortxaz alde egindako guztiei errespetu keinua egin nahi izan zien Euskal Etxeak. Askorik pentsatu gabeko erabaki estrategiko burutsua suertatu zen gainera. Platz der Luftbrücke muino baten gainean dago (Berlin ezin lauagorako muinoa bada ere, hamabost metroko maldaz ari gara), eta bi kilometroko lasterketa aldapan beherakoa izan zen.

Gneisenaustrassera jaitsi, ezkerrera bira egin, eta Clashen amaitu zen 2017ko Korrika. Helmugarena ere erabaki estrategikoki burutsua, zalantzarik gabe: iristerako indabak, saiheskia eta sagardoa zain zituen lasterkari taldeak. Euskal Etxea ez da sekula aspertuko ostatu honek beti emandako tratu ezin eskuzabalagoa eskertzeaz.

2015 Neukölln

Berlingo Neukölln auzoak 160 herrialde ezberdinetako bizilagunak ditu. Sonnenallee edo Karl-Marx-Strasse kaleetan zehar (ez nahastu ibaiaren beste aldera dagoen Karl-Marx-Alleerekin) osteratxoa egitea munduari buelta azkarra ematea bezalakoa da. Usainak, koloreak, hizkuntzak. Denetarik dago.

Korrikak ere Neuköllnera iritsi beharra zuen, beraz. Bertan Berlingo beste ezin auzotan baino euskal herritar gehiago bizi delako izango da akaso, baina ordu arte Euskal Etxeak sekula elkartu pelotoi jendetsuena izan zen 2015ekoa: 300 bat lagun.

Besteak beste, ikasle auzoa da Neukölln, eta Berlinen euskara eskolak hartzen dituztenek eraman zuten lekukoa aldi batez. Baita Hans Joachim Wilke Euskal Etxeko sortzaileetako batek ere. On Egin jatetxeko helmugan, sagardoa eta txistorra zain zuten lasterkariek. Ingurumariak ostatu ezin atseginagoz josita daudela kontutan izanda, arratsaldea, gaua eta hurrengo goiza luzatu zitzaizkion bat baino gehiagori.

2013 East Side Gallery

AEK-k udaberri hasieran deitu ohi du Korrika Euskal Herrian. Berlinen, aurreikusi ezinezko urte-sasoia da hori. Praka motzak janzteko moduko eguraldia izan ohi du zenbaitetan. Baina negu gorria apirila erdiraino luzatzea ere ez da arraroa (edo ez zen arraroa duela gutxi arte, 2013 hartatik Berlinen ez du ia hotzik egin).

Euskal Etxeak Friedrichshain eta Kreuzberg auzoen artera eraman zuen Berlingo bigarren Korrika. Ibilbidearen zati handiena East Side Gallery delakoaren albotik osatu zuten lasterkariek. Zutik geratzen duen Harresiaren puska handiena, hainbat artistek muralekin apaindutakoa. Berokiak, artilezko txapelak eta eskularriak ezinbesteko osagarriak suertatu ziren. Ostbahnhofen lasterka hasterako, zero azpitik zazpi graduren bueltan zebilen termometroa. Balentria atletikoak ez dira Euskal Etxearen espezialitatea, baina Berlingo Korrika bizkorrena suertatu zen hura, gorputzak apur bat berotze aldera.

Oberbaumbrücke zubia igaro, eta ibaiaren beste aldean, Schlesisches Tor-en amaitu zen korrikaldia. Clash-eko lagunak lekukoa eskutan zutela benetan hunkituta ikusteak barrenak berotu zizkien bertaratutakoei. Porrusalda zain zegoen gainera: 2013ko Korrikan hotz egin zuen, baina ez zen inola ere egun hotza izan.

2011 Unter den Linden

Behin Korrika Berlinera ekartzen hasita, gogoratzeko moduko estreinaldia prestatu beharra zegoen, lustre handiko ibilbidearekin. Euskal Etxeak Brandenburgoko Atera deitu zituen lasterkariak, 2011ko apirilaren 9an zapatu eguerdiz. Alemaniako elkargunerik ezagunena da, urtezaharra edo futbol selekzioaren garaipenak ospatzeko erabiltzen den horixe.

Berlingo Korrikak osatu lehenbiziko metroetan, Berlinen jaiotako haur euskaldunen eskuetan geratu zen lekukoa. Dantza taldekoek eraman zuten ondoren, Euskal Etxeko kideek ondoren. Friedrichstrasse igaro, eta hasierako puntura itzultzeko 150 lagunetik goragoko pelotoiak Humboldt unibertsitatearen parean egin zuen bira. Pisu sinboliko handiko unea izan zen. Wilhelm von Humboldt, ikastetxea duela bi mende sortu zuen hizkuntzalaria, izan zen euskara modu akademikoan -bi liburukinetan- aztertu zuen aurrenetakoa. Humboldtek Euskal Herrian goitik behera zeharkartu zuen hizkuntza ezagutu nahian. Korrikaren aitzindari berlindarra beraz...

Unter den Lindenen (ezkien etorbidea) barrena bueltako kilometroa osatu, eta Pariser Platzera ailegatu zen atzera Berlingo Korrika. Brandenburgoko Atearen altzoan Ingo Drostelek, Euskal Etxearen sortzaileetako batek, hitzaldi xume batekin itxi zuen eguna.